medicusmundi garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak, gazteek desberdintasun eta bidegabekeria sozialei buruz kontzientzia kritikoa izan dezaten sustatzeko asmoz, eta herrialde txirotuetako errealitatea nahiz osasuna eskubidearen aurkako mehatxu globalak eta lokalak hobeki ezagut ditzaten, “Gazteak Hegoaren bila” lehiaketaren seigarren ekitaldia antolatu du EAEn, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin.

Hona hemen lehiaketaren oinarriak:

  1. Lehen saria izango da Erdialdeko Amerikara 10 eta 15 egun bitarteko bidaia bat egitea. Bidaia horretan, talde irabazleak -erakundeko laguntzarekin- hurbiletik ezagutuko du herrialdeko errealitatea, bai eta medicusmundik aurrera eramaten duen lankidetza-lana ere. Bidaia horren datak medicusmundi eta parte hartzaileen artean zehaztuko dira, baina 2018an betiere.
  2. Bigarren saria diru-laguntza bat izango da, taldeak bidaia bat antolatu eta egiteko estatuaren barruan edo alboko herrialde batean, elkartasunarekin eta/edo lankidetzarekin zerikusia duen esperientzia bat ezagutzeko helburuz. Horrez gain, sorpresak egongo dira parte hartzen duten talde guztientzat.
  3. 1988tik 1999ra bitartean (biak barne) jaiotako gazteek parte hartu ahalko dute. Ezinbestekoa izango da EAEn bizitzea, ikastea edo lan egitea.
  4. Jokoan modu kolektiboan parte hartuko da. Talde bakoitzean 4 gazte egongo dira, eta izen bat aukeratuko du, jokoak iraun bitartean identifikatzeko. Lehiaketan izena ematea doakoa izango da. Izena 2018ko otsailaren 26a baino lehen eman beharko da, webgune honetan: jovenesenbuscadelsur.org.
  5. Talde bakoitzak taldekide guztien NANen kopia eskaneatuak bidali beharko ditu mezu elektronikoz apuntate@jovenesenbuscadelsur.org helbidera; horrez gain, Euskadin jaio ez direnen kasuan, edo NANan ez bada agertzen EAEko udalerriren bat ohiko bizilekutzat, autonomia-erkidego honetan lan egitea, ikastea edo bizitzea egiaztatzen duen agiri bat aurkeztu beharko da. Taldekideren batek ez baditu betetzen adierazitako baldintzak, edo taldekide-kopurua ez badator bat ezarritakoarekin, taldea automatikoki geratuko da lehiaketatik kanpo, eta ez du aukerarik izango sariak lortzeko.
  6.  Jokoak lau proba izango ditu, jovenesenbuscadelsur.org webgunean argitaratuko direnak, 2018ko martxoaren 5ean, martxoaren 19an, eta apirilaren 2an, hurrenez hurren. Azken proba, laugarrena, apirilaren 21ean egingo da; presentziala izango da, eta ez du punturik emango, baina nahitaezkoa izango da, eta gutxienez talde bakoitzeko bi kidek parte hartu beharko dute.
  7.  Probei eman beharreko erantzunak bakoitzaren enuntziatuan ezartzen diren moduan eta tokira bidali beharko dira, edo aurkeztu. Ez da onartuko probarik epetik kanpo. Postaz bidaliz gero, zigilu-markaren data hartuko da kontuan.
  8. Azken saria irabazteko aukera izateko, ezinbesteko baldintza da lehen hiru probak ezarritako epeetan aurkeztuta edukitzea eta taldeko bi kidek, gutxienez, azken proba-jaian parte hartzea, Donostian, Apirilaren 21ean.  
  9. Proba ebaluatzeko, edukia, aurkezpena eta originaltasuna hartuko dira aintzat. Halaber, epaimahaiak honako hauei ere emango die balioa: GGKE-en Koordinakundearen Jokabide Kodea eta irudiak erabiltzea; hizkera ez-sexista eta barne-hartzailea erabiltzea; genero ikuspegia; eta ingurumenaren errespetua.
  10. Probak aurkeztu eta gero, medicusmundiren jabetzakoak izango dira, eta eskubidea izango du haien edukia, osorik edo zati batean, erreproduzitzeko, hedatzeko eta/edo erabiltzeko, elkartearen xedeetarako.
  11. Probetan eskatutakoaren arabera, ikus-entzunezko lanak aurkeztu behar direnean, ezaugarri hauek bete beharko dira:
    1. Parte-hartzaileek lanen emisio-eskubideak eduki beharko dituzte, eta haien ardura izango da erreklamaziorik egon ez dadin, lan horietan ageri diren pertsonen irudi-eskubideen inguruan.
    2. Ikus-entzunezko lanak ez dira itzuliko, eta medicusmundiren ikus-entzunezko artxiboaren zati bihurtuko dira. Lan irabazleen egileek baimena ematen diote medicusmundiri lanok jendaurrean erakusteko, modu ez-komertzialean, hezkuntzazko helburuekin.
  12. Lanak euskaraz, gaztelaniaz zein bi hizkuntzotan aurkeztu ahalko dira.
  13. Parte-hartzaileek onartu egiten dute lehiaketa kudeatzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua.
  14. Lehiaketan ezingo dute parte hartu epaimahaiko kideek, medicusmundik kontrataturiko langileek eta medicusmundiko zuzendaritza-batzordeetako pertsonek, ez eta halakoen zuzeneko senitartekoek ere. Lehiaketaren aurreko ekitaldiko talde irabazlea osatzen zuten pertsonek ere ezingo dute parte hartu.
  15. Lehiaketa honetan parte-hartzeak oinarri hauek onartzea dakar berekin.
  16. Antolatzaileek badute ahalmena oinarrietan aurreikusten ez den edozein egoera ebazteko.
Desarrollado por LaBox Marketing y Comunicación